
2008-05-15 | 14:07:18
Josefina Azkue bizilaguna omendu dute Meagako sanisidroetan
Goizean zehar Txakolin Festaz gozatu dute auzora gerturatu direnek
Santuaren irudiarekin prozesio labur bat egin ostean, meza ospatu dute meagarrek auzoko ermitan. Elizkizunean zehar, gainera, Getariako abesbatzak parte hartu du kantuan eta, kanpoaldean, antolatzaileek suziriak bota dituzte. Saioa bukatu eta bizilagunak elizatik atera bezain pronto, Alaitz eta Olatz trikitilariak egun handia animatzeari ekin diete. Trikiti doinuari jarraiki, jendeak jateko eta edateko parada izan du, Jai Batzordeak antolatutako Txakolin Festan. Edalontzi zabala 3 euroren truke erosita, nahi adina txakolin dastatzeko aukera izan dute auzora gerturatu direnek. Baita jaietarako espeski hildako txerriaren haragiz egindako pintxoak jatekoa ere. Ermitaren kanpoaldeko zelaian bilduta, eguraldi eguzkitsua aldeko, lagunartean pasatu dute goiz partea. Bitarte horretan, era berean, Azkue ostatuko kide eta Meagako ermitako serora den Josefina Azkue omendu dute. Aurresku egiteaz gain, oroigarria eta zapia jaso du Getariako alkate Andoni Aristi eta Jai Batzordeko kideen eskutik. Era berean, Getariako abesbatzak Zorionak zuri abestu diote. Azkuek, esker onez, jasotako errekonozimendua «oso pozik» hartu duela nabarmendu du.
2008-04-29 | 12:39:25
IX. La Gaviota bela estropada jokatuko dute larunbata eta igandea bitartean
30 bat ontzik parte hartuko dute Getariako Kostabela elkarteak antolatzen duen lasterketan
Getariako Kostabela bela elkarteak datorren larunbatean jokatuko den IX. La Gaviota estropada aurkeztu du gaur goizean, Getariako Balearri jatetxean. Guztira, 30 bat ontzik parte hartuko dute 50 milako ibilbidea duen bela lasterketan; parte-hartzaileek Bermeoko La Gaviota plataformara joan etorria egin beharko dute, abiapuntua eta helmuga herriko kirol portua izanik. Aurkepen ekitaldian Kostabelako lehendakari Salba Manterolak, elkarte bereko Kruzero saileko arduradun Jexux Iturriozek eta Getariako alkate Andoni Aristik parte hartu dute.
2008-04-24 | 11:30:03
Indaux lantegian ustezko maula bat izan den ikertzen ari dira Azpeitiko epaitegian
Enpresa getariarreko arduradunek komunikatu bat zintzlikatu dute euren webgunean
Ustezko bidegabeko jabetze bat izan da Indaux lantegian eta gertatua Azpeitiko epaitegitik ikertzen ari dira. Antza denez, enpresa getariarra duela urtebete konturatu zen aipatutako irregulartasunak izan zirela eta horien atzean ordungo finantza zuzendari Ramon Jose A.E. egon zitekeela. Enpresak justiziaren esku utzi zuen kontua eta ikerketaren lehen fasea bukatu zutenean, finantza zuzendaria eta hainbat kolabaoratzaile atxilotu zituzten. Ustezko erruduna Donostiako Martutene espetxean dago egun, preso prebentibo gisa; gainerako inplikatuak kalean daude behin-behineko askatasunarekin. Indaux lantegiko arduradunek ez dute adierazpenik egin nahi izan, baina euren webgunean (www.indaux.com) komunikatu bat jarri dute gaur, Grupo Indauxeko zuzendari nagusi Enrique Rioja Iribarrenek sinatuta. Bertan, "lasaitasunerako" deia egiteaz aparte, honakoa dio: "Autoritate judizialari eta bere erabakiei gure errespetu osoa zor diegu. Hauek argitaratu denaren inguruko baloraziorik ez egiteko gomendatzen dute, baldin eta beraiek baimena eman badute eta enpresako zuzendaritzak egoki ikusiko balu bere bezeroei, akziodunei, langileei, hornitzaileei eta erakunde nagusiei argibideren bat eman behar liokeela" .
2008-03-13 | 11:25:41
Bigarren urtez jarraian, bigarren mailako binakako txapelketako finala jokatuko du pilotari meagarrak Aste Santuko larunbatean, martxoaren 22an, Iruñean. Hona hemen Argoteri egindako elkarrizketaren aurrerapena.
2008-03-04 | 13:51:11
Ane Lazkanoren irudiak irabazi du Iturzaetako Herri Eskolaren 25. urteurreneko logotipo lehiaketa
Apirilaren 18an aurkeztuko dute logotipoa
Iturzaetako Herri Eskolaren 25. urteurreneko logotipoa aukeratu dute jada. Lehen Hezkuntzako 5. mailako Ane Lazkanoren irudia erabiliko dute urteurreneko ospakizunetarako. Epaimahaia Getariako Guraso Elkarteko hiru kidek, Iturzaeta eskolako hiru ordezkarik, Artzape aldizkariko kide batek eta Manuel Fernandes artistak osatu dute eta guztira, 46 lana aurkeztu dira lehiaketara. Apirilaren 18an aurkeztuko dute logotipoa; ekitaldi horretan, era berean, urteurreneko ereserkia joko dute estreinakoz.
2008-02-28 | 13:56:21
Ia 4.500.000 euroko aurrekontua izango du Udalak aurtengo ekitaldirako
EAE-ANV eta Aralar alderdietako kideek Udalak duen zorpetze maila «gehiegizkoa» dela salatu dute
Udalaren 2008 ekitaldiko aurrekontu bateratua onartu zuten atzo arratsaldean, premiazko izaera zuen ezohiko bilkuran. Honek Udal Gobernua osatzen duen EAJ alderdiaren aldeko sei boto jaso zituen; Aralarreko bi zinegotziek, aldiz, ezezkoa bozkatu zuten. Ekitaldi berriak 4.432.553 euroko aurrekontua izango du, eta horietatik 1.278.362 euro inbertsioetara bideratuko dute.
2008-02-20 | 11:02:18
Balentziaga Fundazioaren estatutuak aldatu dituzte, Kultura Ministerioak hala eskatuta
Erakundeak ateak irekiko dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari
Kultura Ministerioaren eskaerari erantzunez, Balentziaga Fundazioak erakundearen estatutu berriak onartu zituen herenegun Madrilen. Estatutu berriek fundazioaren osaketa moldatuko dute, eta gutxienez 5 kidez eta gehienez 16 kidez osatuta egongo da. Era berean, fundazioaren patronatua ere goitik behera aldatuko dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 3 ordezkari izango ditu guztira.
2008-02-01 | 15:28:10
Iturzaetako ikasleak inauteriak ospatzen hasi dira
Dagoeneko desfilea egin dute kiroldegiaren kanpokaldean
Getariako Iturzaeta herri eskolako haurrek inauterietako jaia ospatzen ari dira une honetan Sahatsaga kiroldegiaren kanpokaldean. Duela gutxi desfilea egin dute eta jarraian jokoak egingo dituzte. Ekitaldia biribiltzeko txokolate jana izango dute.
Zinema
'Los falsificadores'
AZKOITIA, Baztartxo - 2008-05-17
Erakusketa
'Harresia' argazki erakusketa
UROLA-KOSTA, Photomuseum - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.