
2008-02-28 | 13:56:21
POLITIKA
Ia 4.500.000 euroko aurrekontua izango du Udalak aurtengo ekitaldirako
EAE-ANV eta Aralar alderdietako kideek Udalak duen zorpetze maila «gehiegizkoa» dela salatu dute
Udalaren 2008 ekitaldiko aurrekontu bateratua onartu zuten atzo arratsaldean, premiazko izaera zuen ezohiko bilkuran. Honek Udal Gobernua osatzen duen EAJ alderdiaren aldeko sei boto jaso zituen; Aralarreko bi zinegotziek, aldiz, ezezkoa bozkatu zuten. Ekitaldi berriak 4.432.553 euroko aurrekontua izango du, eta horietatik 1.278.362 euro inbertsioetara bideratuko dute.
Inbertsio garrantzitsuen artean, honako egitea aurreikusten dituzte: besteak beste, Getaria Gipuzkoako Portua, 262.000 euro; Herrerieta kalea, 132.462,95 euro; Menditxo plaza, 123.819,21; Askizuko frontoia estaltzeko, 92.000 euro; baserri bideak, 82.000 euro; Getaria eta Zarautz arteko pasealekuko komunak, 72.000 euro; eta Balentziaga kaleko garajeen proiektua, 70.000 euro.
«Legalitate» zalantzak
Aurrekontu horiek azken urteetan Getariako Udalak izan duen zorpetze handia gehiago areagotzen dutela adierazi zuen Aralarrek. Zorpetze maila hori ikusita, aurrekontuek «legea betetzen ote duten» zalantza agertu zuen Eneko Alegria aralarkideak: «Izan ere, aurrekontuen egonkortasunerako legeak inbertsioen autofinantzaketa %30ekoa izan behar du, baina Getariako kasuan %0,03koa baino ez da». Ondorioz, mahai gainean uzteko eskaera egin zuen.
Idazkariak 2008ko aurrekontuak legea betetzen dutela azaldu zuen, eta Aralarreko zinegotziak aurkeztutako lege hori «bere osotasunean» irakurri behar dela. Udaleko alkate Andoni Aristik «behar den lekuetan galdetu dugu eta gure ustez legala» dela berretsi zuen. Jarraian, bozketa egin zuten, 2008ko aurrekontuak onartuz.
Aralarrek ezetza eman zuen, hainbat arrazoiengatik. Alde batetik, Udalak duen zorra «gehiegizkoa» delako; Getariako EAE-ANV alderdiko hautetsiek ere gauza bera nabarmendu zuten, udalbatzarraren ondoren egindako agerraldian. Aralarren eta EAE-ANVren ustez, goi karguen soldatak (127.293,11 euro) eta eskailera mekanikoak finantzatzeko eskatutako mailegua (1.548.605,90 euro) zorpetze maila altuaren arrazoi nagusienetakoak dira.
Horrek guztiak «inbertsio errealen jaitsiera» dakarrela adierazi zuten hautetsiek, «herritarren interesen kalterako». EAEk «larritzat» jo zuen, gainera, etorkizunean etxebizitza publikoak eraikitzeko lur erreserba erosteko partidarik ez bideratzea. Aralarrek, bere aldetik, Bista Ona parkea bukatzeko lanek «lehentasuna» izan beharko luketela esan zioten alkateari, baina «aurrekontu hauek ez dute hori kontuan hartu».
Horrekin batera, «aurrekontu hauek talde politiko guztiek onartu zuten akordio bat ez dute betetzen: hau da, Hirugarren Munduari %0,7a bideratzea. Aurten, %0,57a bideratuko da», jakinarazi zuen Alegria aralarkideak. EAEk irakurketa horrekin ere bat egin zuen bere agerraldian.
«EAJren interesetara»
Getariako hautetsiek emandako prentsaurreko horretan, aurtengo aurrekontuak «EAJren interesetara egokitu» direla salatu nahi izan zuten, eta «ez dira herritarrei begira egin». Era berean, jeltzaleek Udalean daramaten politika fiskalak eta finantzieroak «herria bera hipotekatzera» daramatela iritzi diote hauek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.