
2008-05-15 | 14:07:18
JAIAK
Josefina Azkue bizilaguna omendu dute Meagako sanisidroetan
Goizean zehar Txakolin Festaz gozatu dute auzora gerturatu direnek
Santuaren irudiarekin prozesio labur bat egin ostean, meza ospatu dute meagarrek auzoko ermitan. Elizkizunean zehar, gainera, Getariako abesbatzak parte hartu du kantuan eta, kanpoaldean, antolatzaileek suziriak bota dituzte. Saioa bukatu eta bizilagunak elizatik atera bezain pronto, Alaitz eta Olatz trikitilariak egun handia animatzeari ekin diete. Trikiti doinuari jarraiki, jendeak jateko eta edateko parada izan du, Jai Batzordeak antolatutako Txakolin Festan. Edalontzi zabala 3 euroren truke erosita, nahi adina txakolin dastatzeko aukera izan dute auzora gerturatu direnek. Baita jaietarako espeski hildako txerriaren haragiz egindako pintxoak jatekoa ere. Ermitaren kanpoaldeko zelaian bilduta, eguraldi eguzkitsua aldeko, lagunartean pasatu dute goiz partea. Bitarte horretan, era berean, Azkue ostatuko kide eta Meagako ermitako serora den Josefina Azkue omendu dute. Aurresku egiteaz gain, oroigarria eta zapia jaso du Getariako alkate Andoni Aristi eta Jai Batzordeko kideen eskutik. Era berean, Getariako abesbatzak Zorionak zuri abestu diote. Azkuek, esker onez, jasotako errekonozimendua «oso pozik» hartu duela nabarmendu du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.