
Gaztetape bere horretan utziko dute uda sasoian, harriz beteta
Getaria Udazkenean hondartzaren goialdeko harriak zabaldu egingo ditu Espainiako Ingurumen Ministerioak
aritz mutiozabal
Itsasoak dakarrena itsasoak darama. Horixe gertatu zaio Gaztetaperi: udaberriko itsasaldiak biluzik utzi du hondartza, eta estalita zeuden haitzak agerian geratu dira. Hondarrik gabeko hondartza da une honetan, eta ez dirudi epe laburrean egoera gehiegi aldatuko denik. Ondorioz, ikuspegi erabat kontrajarriekin topatu da Getaria, uda sasoiaren hasiera honetan; hau da, Malkorbe jendez gainezka dagoen bitartean, Gaztetapera apenas gerturatzen da inor, baldin eta surfa egitera ez bada.
«Gaztetape berriro hondarrez betetzea oso-oso garestia da; besteak beste, kamioi ugari beharko lirateke horretarako. Gainera, alferrikako gasstua ere izan liteke, beste itsasaldi batekin orain gauden moduan geratu gaitezke eta. Alde horretatik, hondartza hondarrez betetzea astakeria bat izateaz gain, ez da Udalaren eskumena», nabarmendu du Getariako Udaleko alkateorde Antonio Arrutik.
Hondartzetako eskumena Espainiako Ingurumen Ministerioko Kostako zuzendaritzari dagokio. Gaztetaperen kasuan, «pilatu diren harriak elementu naturalak direla eta horiek ezin direla erretiratu dio zuzendaritzak. Beraz, udazkenean hondartzako arkupetan dauden harri tontorrak aurre ekarri eta zabaldu egingo dituzte. Printzipioz, naturaren esku utziko dute guztia, eta aldaketarik eman ezean, datorren urterako zerbait erabakiko dutela esan digute», dio alkateordeak.
«Igerileku bihurtuta»
«Bainulari gutxiago ditugun arren, egoera ez da batere ona surflariontzat. Hondartzaren goialdean harri ugari pilatu da eta itsasoa igerileku bihurtzen da marea igotzen den bakoitzean. Kosta zuzendaritzak udazkenean harri horiek zabalduko dituela esan du, baina batek daki», azaldu du Gaztetape Surf Elkarteko kide Ibon Udabek.
Bestalde, duela 25 edo 30 bat urte ere Gaztetape egun dagoen antzera zegoela gogora ekarri du Arrutik.
############
Surflarien eta sorosleen eraikina, bukatzear
Azpiegiturak Datorren astean bukatuko dituzte saneamenduko lanak, eta jada erabiltzeko moduan izango dela dio Udalak
a. mutiozabal
Surflarientzat eta sorosleentzat izango den Gaztetapeko eraikina bukatzear dago, eta bertako giltzak datorren astean ematekotan izango direla jakitera eman du Getariako Udalak. Aste Santu ingururako erabilgarri jarri nahi bazuten ere, proiektua atzeratu egin da, saneamendu arazoengatik.
Udaleko alkateorde Antonio Arrutik azaldu duenez, hasierako proiektuan hobi septiko bat egiteko asmoa zuten eraikinean, baina «Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren ustez sistema hori egokia ez zela eta, beste bide bat erabili beharko genuela esan ziguten».
Zenbait sistema aztertu ondoren, eraikineko ur zikinak moilako saneamendu sarera bideratzea erabaki du Udalak. Hala, moilako saneamendu sarearekin lotzeko Txoritonpeko industrialdetik surflarien eta soroslean eraikina bitartean hodiak sartzen aritu dira azken hiru astetan, eta lanak datorren asterako bukatuta egongo direla aurreikusten du Arrutik. «Lokala berez eraikita dago, baina ur zikinak tratatzeko sistemari irtenbide bat eman arte ezin genuen ireki».
Bilera surf elkartearekin
Surflariek erabiliko duten lokala hornitzeko Udalak partida bat bideratuko du aurtengo aurrekontutik. Surflarien ekipamenduak zehazteko eta lokalaren barne egitura finkatzeko, Getariako Udalak eta Gaztetape Surf Elkarteak bilera egingo dute datorren astelehen arratsaldean.
Udalak surf elkarteari eman zion lokalaren egitura zehazteko aukera. «Surflariei proposamenak egiteko eskatu genien. Euren beharren araberako gauzak aurkeztuko dizkigute eta horien aurrekontuak», dio alkateordeak. Nahiz eta ekipamenduak falta, dutxak eta komunak erabiltzeko moduan izango direla azaldu du honek. Era berean, soroslen lokala eta komun publikoak zabalduko dituzte.
Surf elkarte kide Ibon Udaberen ustez, «urria baino lehen nekez hasiko gara lokala erabiltzen, nahiz eta komunak eta dutxak jarrita egon. Oraindik taulak lagatzeko apalak, bulegoa, altzariak eta abar falta zaizkigu. Dena bukatuta egon arte ez dugu lokala erabiltzen hasi nahi; bestela, sekulako zoramena izango litzateke. Orain arte itxaron baldin badugu, bi hilabete gehiago itxaroteak ez digu kalterik egingo. Ez dugu inolako presarik».
############
Dantza
Dantza saioa: Larrain dantza, mutxikoak..
ZARAUTZ, Musika Plazan - 2008-09-08
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.