
Eizagirre eta Casado garaile
Getaria Herri mailako biatloia izan zen atzokoa eta denera 98 parte hartzaile izan ziren bertan, horietatik 13 emakumezkoak ziren
aiora larrañaga
Atzo eguerdian jokatu zen Getarian VII. Salbatore Biatloia, herritar ugariren begiradapean. Denera 98 kirolarik hartu zuten parte hitzorduan, asko getariarrak ziren arren, bazeuden inguruko herrietatik iritsi zirenak ere. Iñigo Eizagirre zarauztarra eta Miren Casado lasartearra izan ziren, hain zuzen ere, helmugara azkarren iristea lortu zuten biak.
98 kirolari horietatik 13 lagun emakumezkoak zirela zehaztu dute antolatzaileek. «Urtez urte, gero eta gehiago dira, horrelako erronketan parte hartzera animatzen diren emakumeak».
12:00etan hasi zen proba
Parrokiako kanpaiek 12:00ak jo zituztenean bota zuten antolatzaileek VII. Salbatore Biatloiari hasiera eman zion suziria. Malkorbe hondartzatik irten eta igerian moilako barraraino joan ziren parte-hartzaileak.
Gasteizko SVC taldeko kide Iñigo Eizagirre zarauztarra izan zen uretatako ibilbidea bukatzen lehena. Parte-hartzaileek adierazi zutenaren arabera, «marea behean zegoenez, zailtasun handiak izan ditugu uretatik portura igotzeko eskilarara heltzeko». Asko eta askok, gainera, hanketan zauriak egin zituzten ahalegin horretan.
Uretako proba amaitu bezain laster, herrian barrena 3 kilometro eta erdiko korrikako saioa egin zuten eta frontoian bukatu zen Biatloia. Gizonezkoetan helmugara iristen lehena Iñigo Eizagirre zarauztarra izan zen eta Asier Astigarraga eta Jon Ulazia sailkatu ziren 2. eta 3. postuan, hurrenez hurren. Emakumeen artean, berriz, Zarauzko Triatloi Elkarteko Miren Casado lasartearra izan zen azkarrena eta bigarren postuan Nerea Mugika zarauztarra sailkatu zen.
Bestalde, Gorka Olaskoaga izan zen helmugara iritsi zen lehen getariarra eta emakumeetan, berriz Uxue Irigoienek lortu zuen lehen postua.
Zinema
'Quantum of Solace'
AZKOITIA, Baztartxo - 2008-11-23
Azoka
San Andres Jaiak
AZKOITIA, Plazan - 2008-11-23
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.