Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Getaria
2008ko azaroak 23, Igandea

;2008-08-05;Bost egunez parranda nagusi. Jaiak Jai giroan murgilduko da Getaria bihartik: Salbatore Eguna izango da bihar eta larunbatean, Koadrilena

Bost egunez parranda nagusi

Jaiak Jai giroan murgilduko da Getaria bihartik: Salbatore Eguna izango da bihar eta larunbatean, Koadrilena

irene elorzA

Gaur hasi eta larunbata bitartean, Salbatore Jaietan murgilduko dira getariarrak eta kanpotik etorritako bisitariak. Goizeko kanpai hotsekin eta suziriekin esnatuko da festa eta bost egunez gozatu ahal izango da jai eta parranda giroaz.

Gaur, Salbatore Deunaren Egunaren bezperan, herri kirolek erakarriko dute jendearen arreta. Koadrilen arteko Olinpiadek lehia eta umorea nahastuko dituzte.

Gauerdian, ikurrina igoko dute plazan, herriko bandak eta abesbatzak lagunduta. Getariako ereserki berria entzungo da, emanaldian.

Salbatore Eguna ere Musika Bandaren erritmoekin hasiko da, bihar. Prozesioak, mezak eta alkateak herritarrei dantzatuta aurreskuak ukitu instituzionala emango diote egunaren lehen zatiari. Ondoren, festak kutsu herrikoiagoa hartuko du. Bertso saioa, pilota txapelketa eta konpartsaren emanaldia izango dira Getariako kaleak girotzen. Aurten, Al Andalus gaiatzat hartuta egingo dute ikuskizuna konpartsek.

Gastronomia izango da Salbatore Eguneko biharamuean protagonista. Txahal nahiz atun errea eta sagardoa dastzeko aukera izango da, urtero bezalaxe.

Ostiralean, berriz, herri kirolen jaialdiak erakarriko ditu herritarren begiradak. Bestalde, goitibehera lasterketaren ordez antolatu dituzten ur jolasak berrituta etorriko dira aurten, moilara.

Azkenik, larunbatean ospatuko dute Koadrilen Eguna. Ehunka lagunek hartuko dute parte marmitako lehiaketan eta ondorengo herri bazkarian. Gauerdian ikurriña jaitsiko dute, baina jaia goizeko ordu txikiak arte iraungo du jaiak.

Musika ere festetan

Zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da aurten ere txosnetan, bihar ezik egunero kontzertu bat izango baita bertan. Hainbat musika estilo jorratzen duten Euskal Herriko taldeak ezagutzeko parada izango da, gauero.

Musikarekin jarraituz, gero eta indar gehiago hartzen ari den jaialdia ere izango da ostiralean. Noiznahi 08! ekimenak agertoki alternatiboko hainbat talde bilduko ditu, hala nola, Lisabö, Zä, Naizroxa eta Los Tiki Phantoms.

############

«Zortea dugu, Getariako elkarte guztiak festa batzordeko kide baitira»

ekaitz balentziaga ð Udaleko kultura zinegotzia

Jaiak ðð Marmitako Lehiaketa da arrakasta handiena duen jarduera; iaz 650 lagun bildu ziren Marmitako Janean

aiora larrañaga

Ekaitz Balentziaga (Getaria, 1978) Getariako Udaleko Kultura zinegotzia da eta Salbatore Jaiak gaur hasten direnez, festen inguruan herrian izaten den giroari eta antolakuntzari buruz hitz egin du.

Aurtengo jaietan izango al da berrikuntzarik edota desberdintasunik aurreko urteko festekin alderatuta?

Bi urtetik behin egiten den moduan, aurtengoan ere konpartsa aterako da herriko kaleetan barrena. Edizio honetako gaia Al Andalus izango da. Bestalde, orain arte Goitibehera Lasterketa antolatzen genuen, baina oraingoan ez dugu egingo, aurreko urtean bost taldek bakarrik hartu baitzuten parte; parte-hartzaileetako batek, gainera, min hartu zuen. Arriskutsua izaten da partaideentzat, baita ikusleentzat ere; horregatik, Goitibehera Lasterketaren ordez, uretako jolasak antolatu ditugu aurtengo salbatoreetarako.

Herritarrak parte hartzen al dute jaiak antolatzerakoan?

Guk zorte handia dugu, Getariako elkarte eta talde denek hartzen baitute parte festak antolatzerako orduan. Izan ere, Getarian Festa Batzordea Udalak eta elkarteetako ordezkariek osatzen dute; gure ustez, herria elkarte horien bidez, nahiko ongi islatzen baita. Horretaz gain, festetako egitaraua osatzen duten jardueretan laguntzeko ere, elkarte bakoitzak jendea jartzen du beti: Elkanoren lehorreratzean, marmitako lehiaketan, atun janean, lehen goitibeherak antolatzen zirenean eta beste hainbestetan. Bestalde, Festa Batzordea ideia berriei irekita izaten da beti eta aurten ospatuko diren Ur Jolasak, adibidez, gazteek proposatu zituzten. Antzeman daitekenez, guk ez dugu sekula parte-hartze arazorik izan.

Zein esango zenuke dela Salbatore Jaietako jarduerarik gustukoena?

Azken urteetan arrakasta handiena izan duen jarduera Marmitako Txapelketa izaten da. Aurreko urtean adin guztietako 40 bikote inguruk hartu zuten parte lehiaketan; 18 urtetik hasi eta 65 urte bitarteko getariarrak denak. Marmitako janean edo herri bazkarian, berriz, 650 lagun inguru bildu ziren.

############

############

Festa batzordeak salbatore jaietarako prestatutako egitaraua

Abuztuak 5, asteartea

10:00etan. Frontenis Txapelketako finala, pilotalekuan.

10:00etan. Jaiei hasiera emateko, kanpai hotsa eta suziria.

18:00etan. Koadrilen arteko Herri Kirolen V. Olinpiadak: Harria-jasotzea, txingak, lokotx bilketa, junguria-altxatzea, ergometroko proba eta sokasaltoa.

19:00etan. Sugarri Txaranga kalez kale.

19:30ean. Erraldoi eta buruhandien kontrapasa kalez kale, Herrerieta kaletik abiatuta.

Jarraian, Sugarri Txaranga kalez kale.

23:00etan. Luhartz Taldearen dantzaldia, plazan.

24:00etan. Ikurriña igoko dute eta herriko abesbatza eta musika bandaren emanaldia izango da.

Abuztuak 6, asteazkena Salbatore Deunaren Eguna

09:30ean. Getariako Musika Bandarekin goiz-eresia .

10:50ean. Alkate Soinua Musika Bandarekin. Udalbatza eta herritarrak prozesioan parrokiara joango dira.

11:00etan. Meza nagusia, Getariako Abesbatzak abestuta.

12:00etan. Alkateak herritarrei ohorezko aurreskua dantzatuko die, udaletxe aurrean.

12:30ean. Getariako Musika Bandaren kontzertua, Gudarien enparantzan. Egitaraua: Calahorra, Bailando el Twist, Queen's Park Melody, Pocahontas. Zuzendaria, Aitor Uria.

13:30ean. Bertso Saioa. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña balkoitik bakoira bertsotan, soinu-jotzaile eta pandero-jotzaileekin batera, Alde Zaharrean.

17:30ean. Salbatore Deunaren XI. Pilota Txapelketako finalak, herriko frontoian, Gure Txeruk antolatuta.

18:00etan. Plazan, Txanogorritxu Rock haurrentzako berbena girotua.

Ondoren, Zozongo perkusio taldea kalez kale.

23:00etan. Moilan, suak.

Jarraian, Getariako Konpartsaren emanaldia. Al Andalus ikuskizuna. Ibilbidea: Portua, Artzape, Kale Nagusia eta Herriko Frontoia. Joana Merinoren koreografia.

Onodoren, Egan taldearen dantzaldia.

Abuztuak 7, osteguna Jaia eta Jana Eguna

Goizean goiz hasita, Eusko Labela duen txahala erreko dute plazan. Pintxoak arratsalderako prest izango dira.

Goizez eta arratsaldez, Haur Parkea, frontoian eta Harritarten.12:30ean. Atun-jana eta sagardoa txotxetik dastatzeko aukera, Berdura Plazan.

Eguerdian, Incansables Txaranga.

Arratsaldean, Euskal Okelaren pintxo dastaketa, plazan.

23:00etan. Plazan berbena Joselu Anaiekin.

Abuztuak 8, ostirala

12:30ean. Frontoian, Herri Kirol Jaialdia. Aizkolariak: Mikel Mindegia eta Aratz Mugerza, Donato Larretxea eta Oihan Larretxea. Erronkak: sei enbor zutika Mindegia Donatoren aurka; sei enbor etzanda Aratz Oihanen aurka; eta zortzi enbor txanda librean, bi bikoteak elkarren aurka. Harri-jasotzaileak: Iñaki eta Inazio Perurena, Miren Urkiola eta Mari Jose Sardon. 12 harri denen artean.

18:00etan. Moilan, Ur Jolasak: kukaina, bolinean....

Ondoren, Batuband Taldearen doinuak, kalez kale.

23:30ean. Elkartasun kontzertua. Yanicet eta Santiago Habana Kubako taldearen Caribbean Sun Shine musika eta dantza ikuskizuna, plazan.

Ondoren, plazan, Elvisavuelo taldearen kontzertua.

23:00etan. Joselu Anaiekin berbena, plazan.

Abuztuak 9, larunbata Koadrila Eguna

10:30ean. Koadrilen arteko XII. Marmitako Txapelketaren hasiera, herriko frontoian.

Goizean zehar, Elustondo Anaiak trikitilariak kalez kale.13:30ean. Marmitako Txapelketako irabazleak aukeratuko dituzte eta sariak banatuko dizkiete.

14:30ean. Harritarten, koadrilen arteko Herri Bazkaria (marmitako jana).

Bazkalondoan, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak kantuz kantu ariko dira.

18:00etan. Herriko frontoian, Gorriti eta bere animaliak.

Ondoren, Kantu Poteoa Benta Zaharreko Mutiko Alaiekin.

22:30ean. Kiroldegi aurreko pistan, Noiznahi 08! Jaialdia. Taldeak: Lisabö (posthar dcore, Irun), Zä (Tribak noise punk, Herrialde Katalanak), Naizroxa (nois metal, Pasai Donibane) eta Los Tiki Phantoms (Surf!, Herrialde Katalanak).

23:00etan. Lisker Taldearekin dantzaldia, plazan.

00:00etan. Bandera jaitsi eta dantzaldiak jarraituko du.

Goizaldean. Txokolatea eta ordu txikitako jolasak.

############

############

txosnetan

Abuztuak 5, asteartea. 22:30etik aurrera, Stress Talde getariarra eta InFusion Taldea.

Abuztuak 6, asteazkena. Konpartsa dela eta, ez da kontzerturik izango.

Abuztuak 7, osteguna. Botox talde zarauztarra eta Hilbete durangarrak.

Abuztuak 8, ostirala. Gartzen talde gazteiztarra eta Xikinkei donostiarrak.

Abuztuak 9, ostirala. Sarkor talde gernikarra eta Lur Jota bilbotarrak.

Keta Futbol taldeak jarriko du aurtengoan ere txosna. Horrekin lortutako dirua, datorren denboraldiko gastuei aurre egiteko izango da. Gauzak horrela, Getariako Keta Futbol Taldeak herritar guztiak animatzen ditu txosnara gerturatu eta bertan ondo pasatzera.

############

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.