
festa gosea asetu da
Getaria Salbatore jaietan murgilduta dabiltza getariarrak eta egunotan festa giroa eta umorea dira nagusi herritarren artean
aiora larrañaga
Herenegun arratsaldean eman zieten getariarrek hasiera Salbatore Deunaren jaiei eta, hasiera batean eguraldiak gehiegirik lagundu ez zuen arren, jai giroa izan zen nagusi herrian lehen bi egun horietan zehar. 2007ko salbatoreak gogoan, Getariarrak festa gosez zeudela nabari da. Lagun asko ibili da kaleetan, tabernetan, txosnetan eta herriko txoko guztietan. Gainera, Kupela talde azkoitiarrak Getariako txakolinari buruz egindako abestia entzun daiteke nonahi, Txakolina Getariako erregina.
Alkatearen aurreskua
Atzo goizean eguraldi triste samarra argitu egin ere, getariar ugarik hartu zuten parte Salbatore Egunean egin ohi den prozesioan. 11:00etatik 12:00etara parrokian meza entzun ondoren musika bandarekin batera elizatik Gudarien Enparantzara, udaletxe aurrera, joan ziren denak.
Eguerdi parte arte jende gutxi zebilen herriko kaleetan, baina elizako kanpaiak 12 aldiz jo zuenean, adin guztietako getariarrak bildu ziren plazaren inguruan. 12:10ean herritar ugariren begiradapean Getariako alkate Andoni Aristik herritarrei aurreskua dantzatu zien zuri-gorriz jantzita, herriko plazan. Hiru pieza dantzatu zituen eta herritarren aldetik txalo zaparrada jaso zuen bukatzean. Aristik adierazi zuenez, «niretzat ohore bat da eta oso gustura egiten dut. Mariano Kamio alkate zenean hasi zen Getarian herritarrei aurreskua dantzatzeko ohitura eta ordutik aurrera, urtez urte, Salbatore Egunean ohitura mantendu nahi izan dugu alkate izan garen guztiok».
Bestetik, gaztetan dantza taldeko kidea izan zenez, lehendik ere dantza egiten bazekiela azaldu du . «Hala ere, lehendik nekiena freskatu eta teknikoki hobetu behar izan dut. Horretan Isaak Aranbarri izan dut irakasle eta asko erraztu dizkit gauzak». Aristiren esanetan, «eguerdian plazara iritsi eta jendetza hori dena nire zain dagoela ikusteak babestuta sentiarazten nau».
Herritarrei mezu bat ere bidali nahi izan die alkateak: «Ezadostasun politikoak, gorrotoak eta ikusezinak ahaztu eta festa giroaz alaitasunez gozatu behar dugu getariarrok».
Alkateak aurreskua dantzatzea amaitu zuenean, musika bandak kontzertua eman zuen Berdura Plazan eta bertaratu zirenek adierazi zutenez, «oso kontzertu ederra izan da».
Bertso saioa
13:45ak aldera, aurreikusita zegoena baino ordu laurden geroago, Kale Nagusia jendez gainezka zegoela hasi ziren bertsotan Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso. Jaietako egitarauak bertso saioa balkotik balkoira izango zela zioen arren, azkenean herriko Alde Zaharrean barrena bertsoak botatzen jardun ziren, soinu-jotzaileek eta pandero-jotzaileek giro alaitzen zuten bitartean. Bukaera herriko plazan izan zen eta udaletxeko balkoitik, Kultur Etxeko balkoira bertsotan jardun ziren.
############
egitaraua
Abuztuak 7, gaur Jaia eta Jana Eguna Goizean goiz hasita, Eusko Labela duen txahala erreko dute plazan. Pintxoak arratsalderako prest izango dira. Goizez eta arratsaldez, haur parkea herriko frontoian eta Harritarte plazan.12:30ean. Atun-jana eta sagardoa txotxetik dastatzeko aukera, Berdura Plazan.Eguerdian, Incansables Txaranga kalez kale. Arratsaldean, Euskal Okelaren pintxo dastaketa, plazan.
Era berean, Incansables Txaranga kalez kale. Gauean, Botox talde zarauztarraren eta Hilbete talde durangarraren kontzertuak, txosnetan.
23:00etan. Plazan berbena Joselu Anaiak taldearekin.
############
############
Lau talde, sei proba eta irabazle bat
Herri kirolak Iazko talde berak irabazi du aurtengo Koadrilen Arteko Herri Kirolen Olinpiada, ia minutu bateko aldearekin
aritz mutiozabal
Pekinen jokatuko diren Olinpiar Jokoak hasteko egun gutxi batzuk geratzen diren honetan, getariarrek euren kirol topaketa propioa egin zuten herenegun: Koadrilen Arteko Herri Kirolen V. Olinpiada, hain zuzen ere. Lau urtetik behin nazioarteko punta-puntako kirolariak biltzen dituen egitasmoari inolako inbidiarik izan gabe, herriko lau koadrila nor baino nor aritu ziren frontoian.
Erlojupekoaren aurka, honako sei proba hauek osatu behar izan zituen koadrila bakoitzak: lokotx biltzea, sokasaltoa, ergometroa, harri-jasotzea, ingude-altxatzea eta txingak eramatea, hurrenez hurren, bata bestearen atzetik. Talde parte-hartzaile bakoitza sei lagunez osatuta zegoen, hiruna gizonezko eta emakumezkorekin. Urtero bezala, errelebo moduan jokatu zen erronka. Taldekide bakoitzak proba jakin bat osatu behar izan zuen eta, honek bukatu bezain pronto, bere taldekide bat hasten zen lanean; eta horrela, zirkuitua amaitu arte.
Bigarren urtez jarraian, Idoia Agirrezabal, Izaskun Arruabarre, J. Manuel Gorostiaga, Xabier Lazkano, Nika Lertxundi eta Ilazki Arrillagak osatutako seikotea izan zen proba osatzen bizkorrena, 6:42,95 denborarekin. Iaz egindako marka 3 segundoan hobetu zuen koadrila irabazleak.
Ikusleen berotasuna
Atletismoko 100 metroko finala bailitzan, jendetza gerturatu zen frontoira herriko olinpiadak bertatik bertara bizitzera. Animoak, txaloak, txistuak, oihuak... Ekimenean parte hartu zuten kideek ikusleen berotasuna jaso zuten uneoro.
Gutxigatik bada ere, eguraldia aldeko izan zuten; izan ere, sariak banatu bezain pronto euria hasi zuen. Ondorioz, Sugarri txarangak Berdura plazan hartu behar izan zuen babesa.
############
«Zenbat eta zaharragoak izan, orduan eta hobeak gara! Gu ginen adinez nagusienak»
Ilazki ArrillagA ðHerri Kirolen V. Olinpiada irabazi duen taldeko kidea
Partaidea Hiru urtetan parte hartu dute koadrilen arteko ekimen honetan, eta azken bietan garaile izan dira; Arrillaga txinga proba egiteaz arduratzen da
a. mutiozabal
Pozez gainezka zegoen koadrila osoa, baita Ilazki Arrillaga (Getaria, 1969) ere. Izan ere, bigarren urtez jarraian Koadrilen Arteko Herri Kirolen Olinpiada irabazi zuten.
Noiz hasi zineten parte hartzen?
Aurtengoa egitasmoan parte hartu dugun hirugarren aldia izan da. Lehenengo urtean irabazteko inolako asmorik gabe eman genuen izena. Iaz berriro animatu ginen eta irabazi egin genuen. Aurten garaipena errepikatu dugu, gehiegi entrenatu gabe. Gainera, 3 segundotan hobetu dugu iazko denbora.
Urtetik urtera hobetzen zoaztela dirudi?
Zenbat eta zaharragoak izan, orduan eta hobeagoak gara! Saioan parte hartu duten taldeen artean gu izan gara adinez nagusienak. Gure koadrilaren batez besteko adina 40 urtekoa da; gainerako taldeetako parte-hartzaileak, berriz, 35 urtetik beherakoak ziren guztiak.
Koadrilen arteko jarduera herrikoia da honakoa. Lehikortasun handia izan al da elkarren artean?
Bai, zalantzarik gabe. Hirugarren sailkatu den koadrilak estreinakoz hartu du parte aurten, baina hilabete osoa eman dute entrenatzen. Tartean, nire ahizpa eta lagunak aritu dira. Ondorioz, elkarri irabazteko grina nabaritu da frontoian.
Zuek ere entrenatzen aritu al zarete egun hauetan?
Gehiegi ere ez gara entrenatu. Adibidez, sokasaltoan aritzen denak Julio Aranbururekin hanka bakarrarekin salto egiteko teknika ikasi zuen iaz, eta bere kaxa aritu da prestatzen. Niri dagokidanez, ordea, gaur (atzo) arte ez dut txingarik hartu.
Iaz ere txingak egin al zenituen?
Parte hartu dugun aldi guztietan txingak egin ditut, bai.
Zer moduz moldatu zara aurten?
Ongi moldatu naiz, urtetik urtera hobetzen goaz!
Garaipen batekin jaiei hasiera ematea ez da nolanahikoa izango, ezta?
Benetan itzela da jaiak horrela hastea. Sari ekonomikoa eman digute eta ezin hobeto etorriko zaigu datozen egunotarako. Koadrilan 15 lagun gara eta beste horrenbeste ume ere baditugu, eta ongi aprobetxatuko ditugu salbatoreak.
Nola ikusten duzue jaietan koadrilen artean halako jarduerak antolatzea?
Oso polita da. Nik uste dut herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua dela halako ekimenetan. Beharbada jaiak antolatzerakoan herritarren parte-hartzea faltan botatzen da, baina antolatzen diren gauzetan parte hartu beharra dago.
Koadrilako brusarekin parte hartu duzuen bakarrenetakoak izan zarete...
Bai, koadrila izaerari eutsi nahian egin dugu. Duela hiru bat urte egin genituen brusa berriak, helduontzat eta umeentzat. Orain seme-alabak euren lagunekin ateratzen hasi dira, baina koadrilako brusaren oihal berarekin egindako zapia eramaten jarraitzen dute.
############
############
sailkapena
Koadrilen Arteko Herri Kirolen V. Olinpiada
1. Idoia Agirrezabal, Izaskun Arruabarre, J. Manuel Gorostiaga, Xabier Lazkano, Nika Lertxundi, Ilazki Arrillaga 6:42,95
2. Olaia Otamendi, Eider Iribar, Iñaki Uzin, Uraitz Etxeberria, Andima Iribar, Alaine Iribar 7:34,65
3. Iñaki Arostegi, Ainara Sarasua, Xabier Goikoetxea, Maider Arrillaga, Jabi Osa, Marijo Uzin 7:35,77
4. Nagore Aranburu, Ekaitz Balentziaga, Miren Garrastazu, Xabier Eizagirre, Jokin Alkorta, Nerea Arregi 7:47,57
############
############
Antzerkia
XXVI. Euskal Antzerki Topaketak
AZPEITIA, Izarraitz pilotalekua - 2008-11-23
Erakusketa
'Mundua zulo baten bidez ikusita', Aldundiaren bilduma
ZARAUTZ, Photomuseum - 2008-10-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.