
Kolpez kolpe eta altxaldiz altxaldi, jaien azken txanpan
Getaria Herri kirol erakustaldia izan zen atzo salbatoreetako izarra; gaur amaituko dira jaiak, Koadrilen Egunarekin
onintza lete
Herri kirol jaialdiarekin hasi zen atzoko Salbatore jaietako egitaraua. Frontoian jendetza bildu zen eguerdiko eguzki galdatan, lau aizkolari eta beste horrenbeste harri-jasotzaileren erakustaldiaz gozatzeko.
Mikel Mindegiak eta Aratz Mugerzak osatutako bikoteak saio polita egin zuen aizkoran Donato eta Oihan Larretxea aita-semearen aurka. Lau aizkolariak dotore aritu ziren eta ikuskizun ederra eman zieten han bildutako herritarrei nahiz turistei.
Harri-jasotzaileak ez ziren gutxiago izan; Iñaki eta Inazio Perurena aita-semeak eta Miren Urkiola eta Mari Jose Sardon hainbat tamainako eta formako harriekin aritu ziren.
Bi kirolak trukatuz aritu ziren kirolariak ordubete baino gehiagoz, eta amaieran Iñaki Perurena harri-jasotzaile ezagunak erakustaldi berezi batekin agurtu zituen frontoian bildutako ikusleak: 110 kiloko harri zilindrikoa sorbalda gainean jarri eta frontoiari bira osoa eman zion, harria eskuekin ukitu ere egin gabe. Ikusleek txalo zaparrada ederrarekin eskertu zuten Perurenaren balentria, baita kirolari guztien saioa ere.
Arratsalde partean, uretako jolasak izan ziren moilan, eta hortik aurrera musikaren doinuek hartu zuten herria, zuzeneko hainbat musika emanaldirekin. Uretako jolasak amaitu ondoren, Batuband taldea aritu zen kalez kale bere musikarekin, giroa berotzen; gauean, berriz, Elvisabuelo taldeak Elvis Presleyren bertsioak jo zituen plazan.
Elvisabueloren aurretik, ordea, Yanicet eta Santiago Habana talde kubatarrak aritu ziren zuzenean, elkartasunaren aldeko dantza eta musika ikuskizunaren baitan, hain zuzen ere.
Gaur, Koadrilen Eguna
Aurtengo Salbatoreak amaitzear dauden arren, indartsua izango da gaurko eguna;izan ere, koadrilak izango dira salbatoreetako azken eguneko protagonista nagusiak.
Goiz hasiko da jaia: 10:30ean XII. Marmitako Txapelketari ekingo diote frontoian eta irabazleen izenak 13:30ean jakinarazi dituzte. Ondoren, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute koadrilek Harritarte plazan. Arratsaldean, besteak beste, Gorriti eta bere animaliak ikusteko aukera izango da frontoian.
Gauean, 22:30etik aurrera, Noiznahi 08 Jaialdia izango da kiroldegi kanpoko pistan: Lisabö, Zä, Naizroxa eta Los Tiki Phantoms musika taldeak ariko dira bertan. Festetako azken egunak goizaldera arte iraungo du.
Zinema
'Quantum of Solace'
AZKOITIA, Baztartxo - 2008-11-23
Erakusketa
'Mundua zulo baten bidez ikusita', Aldundiaren bilduma
ZARAUTZ, Photomuseum - 2008-10-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.