
Gutunak
Getariako Kostabelak Idoiaga jaunari
Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendari Joseba Andoni Idoiagak zenbait adierazpen egin zituen Diario Vasco egunkariaren 2008ko abuztuaren 1eko zenbakian. Fernando Segurak egin dion elkarrizketan Idoiagak adierazi du Hondarribik eta Mutrikuk plaza gehiago izango dituztela, eta agian baita Debak ere. Donostiako kasuan, berriz, alternatiba gauzagarriena Pasaiako Herrerako kaia kirol portutzat erabiltzea jotzen du.
Adierazpen hauen aurrean, ziur gaude Eusko Jaurlaritzaren asmoen aldeko eta aurkako jarrerak agertuko direla; guztiak dira errespetagarriak. Puntu honetara arte, pentsa dezakegu egoera normal baten aurrean gaudela; azpiegiturak kudeatu eta sortu behar dituen edozein instituziok izango ditu aldeko eta kontrako jarrerak, eta iritzi horiek lau urtetik behin emandako botoen bidez adierazi ditzake herritarrak.
<\d>Larria zera da: itsas kirol azpiegiturei dagokionez kostalde frantsesa izanik bere «ispilua», Eusko Jaurlaritza ohartu da Euskal Autonomia Erkidegoan itsas kirol arloan dagoen eskaera handiena txipiroitako ontziena dela (J. Idoiaga: «Prezio eskuragarria duten ontziak, gehienbat itsasoan lan egindako erretiratuek erabiliak»).
Euskadin arrantzatzeko ontziak gehiago erabiltzen omen dira, esaterako, Archaconen (Frantzia) baino; han belaontzia gehiago erabiltzen omen da. Eusko Jaurlaritzak ba omen du hori ziurtatzeko adina datu (esaten ez dutena da Arcachonek berak bakarrik 32 pantalan dituela, 40 metro arterako luzera duten ontziak lotzeko 2.800 euskarrirekin eta 700 buiarekin).
Eusko Jaurlaritzak ondoko datuak ere ematen ditu: erabiltzaile gehienak arrantza sektoretik datoz edo arrantzale familien ondorengoak dira; txipiroitarako ontziek atrakalekuen %80 hartzen dute, eta leku hori eguneko batez beste 2 euro kostatzen da; ontzi hauetako asko urtean gehienez bi aldiz ateratzen dira portutik. Urtean zehar askok ontzia hamaiketakoa egiteko erabiltzen dute, eroso asko, baina portutik atera gabe.
Elkarrizketan ontziak lotzeko euskarriak falta direla aipatu dute, eta Eusko Jaurlaritzak arazo honi irtenbidea emateko dituen planak azaldu ditu: Hondarribiko beteranoen kaia, Deba, Mutriku... Plan hauek 2008ko otsailaren 20an azaldu zituen Garraio eta Lan Publikoko sailburuak agerraldi batean; Euskadiko kirol portuen egungo egoera eta etorkizunera begirako aurreikuspenak izan zituen hizpide.
Getariako Kostabela Bela Kirol Elkartetik hau esan nahi dugu: ezin gara isilik egon Idoiagak egindako adierazpenen aurrean, nahasmena eragiten dutelako irakurleengan; nahasmen hori nahita eragindakoa den ala ez, ez dakigu. Inguruan kostalde frantsesa, Kantabria (Espainia) eta Nafarroa izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoa ez da gai izan bela arina existitzen dela ere ohartzeko, arraunaren, surfaren edota urpekaritzaren kasuetan ez bezala.
Bela arina deritzona, itsas kirol modalitate bat da; 2004ko Atenasko (Grezia) Olinpiar Jokoetan urrezko dominak eman zizkion Espainiari, eta laster gehiago lortzea espero dugu. Kirol honek, kirol portuetan kokatutako oinarrizko azpiegiturak behar ditu. Izan ere, haizearen menpe dagoen kirola da, eta entrenamendua bertan behera gera daiteke haizerik ez dagoelako. Beste batzuetan, arrazoi beragatik, hainbat orduz itxaron behar izaten da entrenatu ahal izateko. Aire zabalean egiten den kirola izanik, argi dago kirolaria sarritan bustitzen dela, bai ur gaziarekin, bai ur gezarekin, udan nahiz neguan. 10-12 urtetatik eskolako kirolen barruan egiten hasten dira haurrak, eta uretan giza baliabideak nahiz laguntza tresnak izatea eskatzen du, itsasoaren edo haize aldaketa zakarretan nahiz enbata kasuetan laguntza jaso ahal izan dezaten.
Behin belaren nabigazio teknikak ikasi eta entrenatutakoan, lehiaketetan parte hartzeko garaia da; lehiatzeak lekuz aldatzea eskatzen du. Puntu honetan, kirolari gazteen gurasoek berebiziko garrantzia dute: ontziak garraiatzeko gurdiak prestatu behar izaten dira, kilometro dezente egin, dena deskargatu eta prestatu, lehiatu, berriro dena prestatu, gurdia autoari lotu eta etxera itzultzeko.
Idoiaga jauna, Getariako Kostabelako gure kirolariei, berotzeko txokolatea txurroekin ematen diegu, Getariako egoitza eskasean argirik eta urik ez dugulako. Egoitza kirol portutik kanpo dago, Espainiako Itsas eta Portu Ministerioaren eremuan. Hark Gipuzkoako Bela Federazioari utzi zion eremu hau, eta honek, berriz, guri, Urola Kostan bela arina bultzatzeko. Instalazio hauek ordaintzeko prest gaude, Getariako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Zuk zuzentzen duzun Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak, ordea, ez du bilerarik egin nahi gai hauen inguruan. Gipuzkoako Bela Federazioak 2008ko ekainaren 12an biltzeko eskaera egin zion Garraio eta Lan Publikoko sailburuari, baina ez da erantzunik egon, eta inolako azpiegitura lanik egiteko baimenik ere ez da eman nahi; horrek Gipuzkoako Belako Federazioko lehendakariak bere kargua uztea ekarri du.
Idoiaga jauna, ikus itzazu Sokoa, Santander (Espainia), Allozeko aintzira; ikus ezazu itsasotik, lakuetatik eta aintziretatik gertu dagoen edozein toki Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora, eta ezberdintasunria erreparatu ondoren, utzi beste batzuk ondorengoa egin dezagun:
-Bela arina egiteko azpiegiturak kudeatzea, hobetzea edo sortzea.
-Euskal Autonomia Erkidegoko edozein biztanlek kirol hau egin ahal izateko ekimenak egitea.
-Bela arinari dagokion Euskadiko kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 legea garatzea eta ezartzea.
-errialdeetako eta nazio mailako federazioekin harremanak lantzea.
Getariako Kostabelako lehendakari eta lehendakariorde Salvador Manterola eta Jesus Iturriotz. Getaria.
Zinema
'Quantum of Solace'
AZKOITIA, Baztartxo - 2008-11-23
Azoka
San Andres Jaiak
AZKOITIA, Plazan - 2008-11-23
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.