Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Getaria
2008ko azaroak 23, Igandea

;2008-09-02;Orio B taldeak mailaz igotzea lortu du, asteburuan kanporaketak irabazita . Orio Erandioko eta San Vicente de la Barquerako estropadetan 35 eta 29 segundo atera zizkion Orio B-k Zierbenari

Orio B taldeak mailaz igotzea lortu du, asteburuan kanporaketak irabazita

Orio Erandioko eta San Vicente de la Barquerako estropadetan 35 eta 29 segundo atera zizkion Orio B-k Zierbenari

aiora larrañaga

Orio B taldeak KAE B ligako kanporaketak jokatu ditu asteburuan eta mailaz igotzea lortu du; datorren denboraldian, beraz, KAE A ligan jokatuko du. Larunbatean Erandion jokatu zen lehen igoera estropada eta bertan bigarrenari, Zierbenari, 35 segundo inguruko aldea ateratzea lortu zuten oriotarrek. Igandean, San Vicente de la Barqueran (Kantabria, Espainia) jokatu zen estropada eta lan bikaina egin zuen taldeak; 29 segundoko aldea atera baitzion berriz ere Zierbenari .

Lan bikaina asteburuan

Larunbatean Erandion jokatu zen estropadan 35 segundoko aldea atera zioten oriotarrek bigarren sailkatu Zierbenari. Lehia hasi orduko aurretik jarri zen taldea eta ziaboga guztietan denborarik onena eurek egin zuten.

Hasieratik irabazteko asmoz irten zen taldea, lau puntu lortu eta bigarren jardunaldian izan zitezken ezustekoak saihestu nahi baitzituzten. Hala ere, igandean San Vicente de la Barqueran jokatu zen norgehiagokan ez zen ustekaberik izan, eta 29 segundoko aldea atera zioten oriotarrek Zierbenako taldeari.

Ametsa errealitate bihurtu da

Orio B taldeko entrenatzaile Patxi Francesek adierazi duenez, «ilusioa ez da inoiz galdu behar, baina hasieran ez genekien ligan nola jardungo ginen. Nolabait esanda, taldea berriz sortu dugu, gehienak arraunlari gazteak dira eta horrelakoetan oso zaila izaten da taldearen maila eta ligako gainontzeko parte-hartzaileen maila konparatzea».

Entrenatzaileak azaldu duenez, igoera honek arraunlariak motibatzeko balioko du, «aurrera jarraitzeko indarrak ematen baititu». Taldeko arraunlari gehienak oso gazteak dira, 18-19 urte bitartekoak, «eta eurentzat oso garrantzitsua da euren arraun ibilbideari hasiera eman eta emaitza onak lortzea».

Francesek azaldu duenez, «ez da ahaztu behar, Orio B taldea formaziorako taldea dela. Bertan, arraunlari gazteak goreneko mailan jokatzeko prestatzen ari dira. Ez dira denak iritsiko TKE ligan jokatzera, baina ahalegin horretan ari diren bitartean, arraunean aritzea eta maila ona ematea garrantzitsua da».

Datorren denboraldian mailaz igotzeko aukerarik ez dute izango, Orioko talde nagusia baitago TKEn. Beraz, «arraunlariek ongi pasatzea nahi dut nik, arraunlari sentitzea. Gutxi barru goreneko mailan ikusi nahiko nituzke nik».

############

Estropadek festa giroa sortu dute

orio Joan den larunbatean Orioko XVIII. Ikurrina jokatu zen Oria ibaian eta festa giroan izan zen herrian egun osoan zehar. Eguraldi nahasia izan bazen ere, herritar ugari bildu zen plaza inguruan saiheski eta hegaluze errea jatera eta Egunsenti Otxotearen eta Orioko Batukada taldearen emanaldiak entzutera.

############

############

19 ehuneneko aldea atera dio Castrok Oriori larunbateko erlojupekoan

Kirolaðð Larunbatean, Zarauzko eta Zumaiako traineruak 6. eta 7. postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren

a. larrañaga

Joan den larunbatean jokatu zen Orioko XVIII. Ikurrina estropada Oria ibaian eta etxekoek 19 ehunenekogatik ezin izan zuten garaipena lortu. Azkenean Castro izan zen ikurrina irabazi zuena. Bigarren Orioko taldea sailkatu zen eta Zarauzko eta Zumaiako traineruak 6. eta 7. postuak lortu zituzten, hurrenez hurren.

19 ehuneneko aldea

Erlojupeko estropada izan zen larunbatekoa eta Castrok egin zuen denbora onena, 19 ehuneneko atera baitzizkion etxeko taldeari, bigarrenari.

Hiru ziabogatan Oriok lortu zuen denborarik onena eta ikurrina etxean geratuko zela pentsatu zuten gehienek; baita arraunlariek eurek ere, garaipena ospatzen ere hasi baitziren. Baina Castrok azken luzean 19 ehuneneko aldeagatik hobetu zuen oriotarren denbora, eta ikurrina lortu zuen.

Zarauztarrak 6. postuan sailkatu ziren, Hondarribiak 6 ehuneneko aldea atera baitzion. Zumaiak, bestetik, 7. postua lortu zuen.

Bandera uretara erori zen

Orio azken luzea jokatzen ari zen bitartean, ezusteko bat gertatu zen bandera erakusgai zuen itsasontzian; haize bolada batek sari preziatua urtera bota baitzuen. Minutu gutxi behar izan zituzten antolatzaileek ikurrina berriz ontzira igotzeko, baina nahikoa lan izan zuten jarraian banderari ura kentzen.

Igandean Orio 5. sailkatu zen

Igandean, X. Flaviobriga Bandera jokatu zen Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia). Urdaibai izan zen estropadako irabazlea eta eskualdeko taldeek ez zuten zorte gehiegirik izan. Orio 5. postuan sailkatu zen, Zarauzko trainerua 6. izan zen eta Zumaiako taldea, berriz, 9. iritsi zen helmugara.

############

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.