Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Getaria
2008ko azaroak 23, Igandea

;2008-09-02;Aurtengo Koadrila Eguna, aldarrikapen eta guzti. Gizartea Ostiralean ´turistifikazio basatiaren aurkako» Gazte Martxa egin zuen hainbat gaztek Zarauztik Zumaiara

Aurtengo Koadrila Eguna, aldarrikapen eta guzti

Gizartea Ostiralean «turistifikazio basatiaren aurkako» Gazte Martxa egin zuen hainbat gaztek Zarauztik Zumaiara

o. lete

Zumaian urtero egiten den Kuadrila Egunak kutsu berezia izan du aurtengoan. Izan ere, joan den ostiralean Gazte Martxari ekin zioten Zarauzko, Getariako eta Zumaiako gazte batzordeek, eta larunbatean Koadrila Egunarekin uztartu zuten Gazte Martxa. Martxa hau «turistifikazio basatiaren aurka» antolatu zuten, «kostako herriek turistifikazioaren ondorioz jasaten duguna salatzeko».

Mendiz mendi, 50 lagun

Zarauzko, Getariako eta Zumaiako gazte batzordeetako hainbat lagun abiatu zen ostiral goizean Zarauztik Zumaia aldera; 50 lagun inguruk egin zuten ibilbidea. Aurrena, ordea, indarrak bildu zituzten Putzuzulo gaztetxean, eta elkarrekin gosaldu zuten Santa Barbara alderantz abiatu aurretik. Han arnasa hartu eta Getarian frontoian bazkaldu zuten. Ondoren, bertsolariak entzun eta Askizun egin zuten beste geldialdia. Gauean, berriz, Zumaiako Gaztetxean afaldu eta kanpina eraman zutenek Gaztetxeko zelaian bertan lo egin ahal izan zuten.

Koadrila Egunean, berriz, bizikletarekin poteoa egin zuten eguerdian, eta bazkari herrikoia egin ondoren, «independentziaren aldeko» sokatira txapelketari ekin zioten. Bost herrik hartu zuten parte bertan: Aizarnazabalek, Zumaiak, Getariak, Zarautzek eta Oriok. Zumaiarrak nagusitu ziren azkenean.

Aurreko egunean baino gazte gehiago bildu zen larunbateko ekimenetan; 140 lagun inguru izan ziren, esaterako, bazkaritan.

Arratsaldean «turistifikazio basatia salatzeko» manifestazioa egin zuten herriko kaleetan barna. Manifestazioaren ondoren ekitaldia izan zuten, eta hura amaitzean kalejira egin zuten The Txortains taldearekin batera. Larunbat iluntzea kalez kale pasa zuten gazteek, Zumaiako Gazte Egunean.

Bost Kirol proba ere bai

Gazte batzordeetako kideek bizikleta poteoa egiten zuten bitartean, beste hainbat gaztek Bost Kirol proban hartu zuten parte larunbat eguerdian Itsas Kiroldegian. Taldeka, gazteak piraguismoan, surfean, igeriketan, mendiko bizikletan eta lerroko patinetan aritu ziren. Azkenean Kaxp and Company deituriko gazte taldeak irabazi zuen Bost Kiroleko bederatzigarren edizioa, 16:02ko denborarekin. Haien ondoren sailkatu ziren Tumas Cren eta Txapapo Team taldeak. Neskez osatutako talde bakarra lehiatu zen, Makala izenarekin.

Amaitzeko, kontzertuak

Gauean, kontzertu dotoreez gozatu ahal izan zuten herriko gazteek: Itaka, Positiva eta Sorkun & vice presidentes taldeak aritu ziren gaua alaitzen.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.