Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Getaria
2008ko azaroak 23, Igandea

;2008-09-03;Aralar: ´Udalak ez digu Sahatsagako txostena erakutsi nahi». Getaria Aralarrek eskatu zuen txostena egiteko Hirigintza batzordean, proiektuak ´baldintza onartezinak» dituelakoan

Aralar: «Udalak ez digu Sahatsagako txostena erakutsi nahi»

Getaria Aralarrek eskatu zuen txostena egiteko Hirigintza batzordean, proiektuak «baldintza onartezinak» dituelakoan

A. Mutiozabal

Getariako Udala Sahatsagako etxebizitzen inguruko informazioa «ezkutatzen» ari zaiola salatu du Aralar alderdiak. Udalak proiektuaren inguruko txosten teknikoa eta juridikoa egin du, Aralarrek hala eskatuta, baina «behin eta berriro eskatu dugun arren, ez digute erakutsi nahi izan».

Horren aurrean, gertakariari buruzko azterketa egiteko eskatu diote aralarkideek Udaleko idazkariari. Honek adierazi dienez, «inolako atzerapenik gabe» eman behar diete txostena.

Baldintza «onartezinak»

Udalak aurkeztutako Sahatsagako etxebizitzen proiektuak baldintza «onartezinak» zituela iritzita, txosten teknikoa eta juridikoa egitea eskatu zuen Aralarrek, eta Hirigintza batzordek onartu egin zuen. Besteak beste, zalantzan jarri zituen Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta tasatuak banatzeko metodologia eta etxebizitzen salneurria zehazteko erabilitako koefizienteak.

Hirigintza batzordeak Aralarren proposamena onartu zuen eta Santi Peñalva arkitektoa arduratu da txostena egiteaz. Txostena jada egin da eta Udal Gorbernuaren esku dago, baina horrek oraindik ez dio Aralarri bideratu.

«Orain enpresa eraikitzaileak beste txosten bat egin eta, ondoren, arkitektoak hori baloratu behar duela argudiatu digu Udalak», diote aralarkideek: «Prozesu hori bukatzean txosten guztiak jasoko ditugula adierazi digute».

Hala ere, txostena esku artean izan nahi dutela adierazi die aralarkideek udal agintariei, «gure eskubidea delako eta Udaleko idazkariak egindako agiriak horrela adierazten duelako». Beraz, «ez dugu zertan egon alkateak edo alkateordeak duten aldartearen zain».

Proiektuaren atzerapena

Aralarren ustez, «kezkagarria» da Sahatsagako etxebizitzen proiektua izaten ari den atzerapena. «Lanak apirilean hasiko zirela iragarri zuen Udalak, eta gero, berriz, irailean. Baina zalantza handiak ditugu hala izango al den».

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.