Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Getaria
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

;2008-11-15;´Gazteen ekintzei justiziak emandako erantzunak guztiz neurrigabeak dirağ. Gizartea ´Gazteen aurkako kriminalizazioağ salatzeko Gazte Ta Aske dinamika abiarazi dute eskualdean eta gaur Gazte Ta Aske eguna ospatuko dute Zumaian . ANDONI MANTZIZIDOR õ . Gazte Ta Aske dinamikako arduraduna

andoni mantzizidor ðGazte Ta Aske dinamikako arduraduna

«Gazteen ekintzei justiziak emandako erantzunak guztiz neurrigabeak dira»

Gizartea «Gazteen aurkako kriminalizazioa» salatzeko Gazte Ta Aske dinamika abiarazi dute eskualdean eta gaur Gazte Ta Aske eguna ospatuko dute Zumaian

onintza lete

Gazte mugimenduak behin eta berriz salatu izan du Frantziak eta Espainiak euskal gazteria «sistematikoki kriminalizatzen» dutela. «Erasoen aurrean» erantzun bateratua emateko sortu dute Euskal Herri mailan Gazte Ta Aske dinamika. Urola Kostan, kostako herrietako arduraduna da Andoni Mantzizidor (Zarautz, 1988).

Zergatik sortu da dinamika hau?

Gazteok kriminalizazio sistematikoa jasaten dugu eta errepresio hori salatzea da dinamika honen helburua. Gazte mugimendurik ez dute nahi ez Frantziak ez Espainiak, eta horregatik, mugitzen den gazte guztien aurka egiten dute, dena saku berean sartuta: berdin du emakumeen taldekoa, Segikoa edo gaztetxe mugimendukoa izan. Eraso horien aurrean erantzun bateratua ematea garrantzitsua iruditzen zaigu.

Eskualde honetan dinamika hau martxan jartzea beharrezkotzat jo zenuten. Zergatik?

Duela urtebete inguru sortu zen ekimen hau Euskal Herri mailan. Gure eskualdeari dagokionez. Zumaian, Zarautzen eta Azpeitian zenbait kriminalizazio kasu izan da azkenaldian, eta horregatik egin dugu geure dinamika. Kostako eta barrualdeko herriak aparte bildu dira, nork berea jorratzeko. Hemen, kostan, dinamika martxan jarri dugu eta orain dinamika hori zabaldu eta ezagutarazi nahi dugu, indarrak biltzen hasteko.

Horregatik antolatu al duzue egun hau?

Bai. Azkenaldian eragileen atxikimenduak biltzen aritu gara eta gaur arratsaldeko prentsaurrekoan kaleratu nahi dugu zerrenda hori. Gazte Ta Aske dinamikaren atzean eragileak eta beren atxikimenduak daudela erakutsi nahi dugu. Dinamika honen sorreran gazte mugimendu osoak hartu zuen parte, eta atxikimenduei dagokienean ere aniztasuna lortzen saiatu gara. Izan ere, gazteon aurkako erasoak daudenean babesa sentitzea garrantzitsua izaten da.

Lehen eskualdeko hiru herri aipatu dituzu; zer gertatu da horietan?

Azpeitiko kasua ez dut gertutik ezagutzen, baina 6 gazte auzipetu dituztela uste dut Karasusan deituriko etxea baimenik gabe hartzeagatik. Hemen, berriz, Ertzaintzak Zarautzen bi gazte harrapatu zituen inmobiliaria baten aurka pintura botatzen eta Zumaian beste lau gazte pankarta bat egiten. Horien aurka salaketak jarri zituen Ertzaintzak.

Aipatu dituzun kasuak delituak dira.

Bai, eta guk ez dugu halakorik ukatzen. Kontua da delitu mota hauei nolako zigorrak ezartzen ari diren epaitegiak. Inmobiliaria bati pintura botatzeagatik kasua Espainiako Audientzia Nazionalera bideratzea hemen bakarrik gertatzen da. Delituengatik jartzen dituzten isunak ere ez dira kopuru berekoak hemen edo Madrilen. Antolatutako gazteek egiten duten zerbait bada, kriminalizazioa automatikoa bihurtzen da eta hori da guk salatu nahi duguna.

Zein dira zumaiar eta zarauztar gazte horien aurkako salaketak?

Zumaiarrei eskutitz bat iritsi zitzaien terrorismoaren goraipamena egiteaz akusatuko zituztela esanez. Azkenean kasu hau artxibatuta gelditu da. Memento hauetan zarauztarren kasuak hor jarraitzen du, baina oraindik ez dakigu ezer. Ertzaintzak harrapatu zituenean gutuna iritsiko zitzaiela esan zien. Eurek salaketa jarri zutela eta kasua Espainiako Auzitegi Nazionalera zihoala ere esan zieten. Hortik aurrera ez dakigu ezer. Kasua artxibatuko dutela espero dugu, baina hala ere honelako gauzak salatu egin behar dira, gazteek egindako ekintzen aurrean epaileek ematen dituzten erantzunak guztiz neurrigabeak direlako.

Dinamikak zer norabide jarraituko du hemendik aurrera?

Oraingoz dinamika ezagutaraztea da gure helburua. Indartzen joan eta eragile gehiagoren atxikimenduak bildu nahi ditugu aurrena.

Agenda

Bideo emanaldia

Bideo emanaldia eta kontzertuak
ZUMAIA, Zumaiako gaztetxean - 2009-01-09

Hitzaldia

VIII. Bidaia Tertuliak
AZKOITIA, Kultur Etxean - 2009-01-09

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.